Ekimenaren oinarriak

TEHib (zikloturismo oinarriak)

Trans Euskal Herria ib zikloturismoa karratua

Sarrera

Ibilbideak egitasmoaren ekimenen artean, distantzia luzeko ibilbideak auzolanez sortu nahi ditugu. Mendi txirrindularitzako Trans Euskal Herria ibilbidea osatu ondoren, zikloturismoko ibilbideari ekingo diogu.

Zikloturismoaren gorakada nabarmena da Europan. Deigarria da zenbat ibilbide sustatzen ari diren eta adin guztietako pertsonen erabilera. Euskal Herrian ere, bizikletarako azpiegituren hobekuntza eta mugikortasun aktiboaren garapenarekin, aisialdi mota hau lehenago edo beranduago zabalduko delakoan gaude.

Zertan datza?

Ibilbideak egitasmoaren komunitateak distantzia luzeko zikloturismo ibilbide bat auzolanez sortzea.

“Zikloturismoa” gure inguruan errepide txirrindularitzari buruz hitz egiteko erabilia bada ere, ekimen honetan “zikloturismoa”, “bike touring” edo “vélo tourisme” kontzeptuekin lotu nahi dugu.

Helburuak

  • Euskal Herrian erreferente izango den distantzia luzeko zikloturismo ibilbidea sortzea.
  • Ibilbideaken kalitate oneko edukia partekatzea.
  • Ibilbideak auzolanez sortzeko prozedura erabilgarria sendotzea.
  • Ibilbideaken komunitate sena indartzea.

Sortzeko prozedura

  1. Ekimena zabaldu: helburuak, ezaugarriak, prozedura eta hasierako zirriborroa azaldu.
  2. Behin behineko etapa proposamena erabaki.
  3. Ibilbidea osatu: zirriborroaren loturak bilatu eta etapak borobildu.
  4. Informazio dokumentuak sortu eta plazaratu.
  5. Mantenua.

Nori zuzenduta

Euskal Herrian, maila fisiko edo tekniko handia izan gabe, zikloturismoa egin nahi duen edonori.

Ibilbidearen ezaugarri nagusiak

  • Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotzen dituena.
  • Borobila.
  • Bakarra, aldaerarik gabekoa.
  • Mendi bizikletako ibilbidearekin bateragarritasuna bilatu
  • Etapaka (25-60 kmko etapak)
  • Euskal Herri barnean, baina salbuespenak onartu daitezke, beti ere muga barnean daudenak baino aukera hobeak badira.
  • Turismorako erakargarriak diren osagaien bila, bideak aukeratzeko irizpideak betetzen badira.
  • Naturala: ahal den zuzenena; beti ere garrantzitsuena bidea dela eta ez helmuga, aintzat harturik.

Bideak aukeratzeko irizpideak (ez derrigorrez, baina beteko ditugu ahal badugu):

  • Bidegorriak, bide berdeak eta antzeko azpiegiturak aprobetxatu.
  • Jabego pribatuetatik kanpo.
  • Babes guneetako eta bideetako arauak errespetatu.
  • Oinezko edo animaliekin elkarbizitza arazoak edo trafiko motordunagatik arriskuak sor ditzaketen bideak saihestu.
  • Bizikletaz, baina bide egokirik ez bada aurkitzen garraiobide publikoa erabili daiteke.
  • Zoru motari dagokionez, lehentasuna eman asfaltoari, eta ez badago, ongi konpaktatutako bideak aukeratu.
  • Hiri-herrietan, hobe zeharkatzea inguratzea baino.
  • Igoera-jaitsiera gogorrak edo zailtasun teknikoko bideak saihestu.
  • Atakak saihestu.
  • Bi aldiz toki beretik ez pasa.
  • Sasiengatik edo naturaren eraginez erraz itxi daitezkeen bideak saihestu.
  • Oso estuak diren bideak eta eskailerak saihestu, gurditxoen erabilera ahalbideratuz.

Komunikazioa

Internetek eskaintzen dituen komunikazio tresnak erabiliko ditugu. Oinarria Ibilbideak webguneko foroa izango da. Bertan atal bereziak irekiko dira ekimen honetarako. Hobeto ulertzeko, mendi bizikletako ibilbidearekin egin duguna ikus daiteke.

Beharrezkoa bada, Google-k eskaintzen dituen hangout-ak erabiliko ditugu ere bai.
Ekimenaren dokumentuak elebidunak izango badira ere, ekimena sortzeko oinarrizko hizkuntza foroan euskara izango da.

Sortuko ditugun produktuen lizentziak

Modu irekienean partekatu da. Ahal den guztietan, CC By lizentzia erabiliko da “Trans Euskal Herria Ibilbideak” egilea izanik.

Ibilbidea sortzeko prozedura

Oinarri hauetan ezarritako irizpideak eta jasoko diren proposamenak aintzat hartuz, ibilbidea osatzen joango gara.

Lotu behar diren tarteak eta adosten diren proposamenak plazaratuko dira foroan.
Ibilbidea osatuta egongo denean, mantenurako erabakiak hartzeko prozedura zehatzagoa ezarriko da.

Hasierako zirriborroa

Bilbo-Barakaldo-Muskiz-Bide Berdea Burdinmendi-Translaviña-Landa-Bide Berdea Vasco Navarro-Gasteiz-Bide Berdea Vasco Navarro-Jauregi-Altsasu-Irurtzun-Iruñea-Arga-Sorauen-Lekunberri- Bide Berdea Plazaola-Urnieta-Donostia-Oiartzun-Trena-Irun-Hondarribia-Txalupa-Hendaia-Ziburu-Azkaine-Senpere-Uztaritze-Baiona-Maule-Garazi-Baigorri-Izpegi-Baztan-Legasa-Bide Berdea Bidasoa-Irun-Trena-Donostia-Orio-Zumaia-Trena-Deba-Lekeitio-Lea-Aulesti-Gernika-Trena-Bilbo.

Advertisements